Frankismo garaian, Oiartzunen, beste hainbat tokitan bezala, Inauteriak desagertzea ekarri zuen Francoren diktadurak.

Hemen orduko argazki batzuk.

Baina 1989. urtean, Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak herriko auzoetan barrena ibili ziren inauteriak ospatzen, mozorrotuta

Jarraian, urte hartan bertan, gainerako auzoetako jendeari dei egin zieten, eta elkarrekin herrian nolako inauteriak ospatu nahi zituzten hausnartzen hasi ziren.

Horretarako, herriko zaharrenengana joan ziren, haiek nola ospatzen zituzten jakiteko, eta, ahal zen neurrian, haiek kontatutakoan oinarritzeko beren ospakizuna ere.

Herriko aitona-amonekin egindako elkarrizketatik, hainbat gauza jakin zituzten, besteak beste:

-          “Ihoteak” deitzen zietela.
-          Doinu berezi bat bazeukatela: “ihote-baltsa”.
-          Puxka-biltzen ibiltzen zirela, taldeka, euskal jantzi tradizional jakin batzuekin eta soinuarekin dantzan.

1990, Urte hartan, herriko gazteek ihoteak antolatu zituzten. Puxka-biltzeko taldeak antolatu zituzten ia auzo guztietan, eta Pikoketan elkartu ziren denak bazkaltzera.

Ondoren, ilunabarrean, mozorrotuta atera ziren plazara. Ihote-baltsa ere dantzatu zuten, beste euskal doinu batzuekin, suaren inguruan. Lehenengo intxixuak ere orduan iritsi ziren Oiartzuna: intxixu beltzak.

1991, Intxixuen pertsonaia mitologikoa hobeto landu zuten, eta gaur egun ezagutzen ditugun intxixu buruak lehen aldiz agertu ziren plazan. Zehazki 8 intxixu izango zirela ere erabaki zuten, auzo bakoitzeko bana.

2006, Urte hartan sorginek ere hartu zuten parte ihoteetan intxixuekin batera, lehenengo aldiz. Hemen orduko bideoa.

2009, Oiartzungo Ihotten asteburua aldatzen da, Ihauteri "tradizionalen" asteburua utzi eta aste bete aurreratuz. Modu berean, 2 eguneko festa izatetik 3 egunekoa izatera pasa zen. Ostirala, Larunbata eta Igandea.

2013, Mendiko sorginak agertzen dira.

Oiartzunen ez dira beste herri eta hiri batzuetan ikusten diren desfileak egiten. Ihoteak beste era bateko jaiak dira, inauteri menditarren antzekoak. Intxixuak eta sorginak herrira iritsi eta plaza hartzen dute, eta suaren inguruan ibiltzen dira dantzan eta jolasten herritarrekin.

Puxkak biltzen ez dira ibiltzen intxixuak eta sorginak, baina hala dabiltzan herritarren taldeei bixita egiten diete ustekabean.