Frankismo garaian, Oiartzunen, beste hainbat tokitan bezala, Inauteriak desagertzea ekarri zuen Francoren diktadurak.




1989
Ugaldetxo Kultur Taldeko kideak herriko auzoetan barrena ibili ziren inauteriak ospatzen.
Jarraian, urte hartan bertan, gainerako auzoetako jendeari dei egin zieten, eta elkarrekin herrian nolako inauteriak ospatu nahi zituzten hausnartzen hasi ziren. Horretarako, herriko zaharrenengana joan ziren, haiek nola ospatzen zituzten jakiteko, eta, ahal zen neurrian, haiek kontatutakoan oinarritzeko.
Herriko aitona-amonekin egindako elkarrizketatik, hainbat gauza jakin zituzten, besteak beste:
Puxka-biltzen ibiltzen zirela, taldeka, euskal jantzi tradizional jakin batzuekin eta soinuarekin dantzan. “Ihoteak” deitzen zietela. Doinu berezi bat bazeukatela: “ihote-baltsa”.
1990
Urte hartan, herriko gazteek ihoteak antolatu zituzten. Puxka-biltzeko taldeak antolatu zituzten ia auzo guztietan, eta Pikoketan elkartu ziren denak bazkaltzera.
Ondoren, ilunabarrean, mozorrotuta atera ziren plazara. Ihote-baltsa ere dantzatu zuten, beste euskal doinu batzuekin, suaren inguruan. Lehenengo intxixuak ere orduan iritsi ziren Oiartzuna: intxixu beltzak.
1991
Intxixuen pertsonaia mitologikoa hobeto landu zuten, eta gaur egun ezagutzen ditugun intxixu buruak lehen aldiz agertu ziren plazan. Zehazki 8 intxixu izango zirela ere erabaki zuten, auzo bakoitzeko bana.
2006
Urte hartan sorginek ere hartu zuten parte ihoteetan intxixuekin batera, lehenengo aldiz.
2009
Oiartzungo Ihoteen asteburua aldatzen da, Ihauteri “tradizionalen” asteburua utzi eta aste bete aurreratuz. Modu berean, 2 eguneko festa izatetik 3 egunekoa izatera pasa zen. Ostirala, Larunbata eta Igandea.
2013
Mendiko sorginak agertzen dira.
“Basandreak”
2018
Herriko kontakizun zaharretatik Zomorrozinko pertsonaia berreskuratzen da. Ostiral goizetik hasten da ikastetxeetan bihurrikerietan eta sorginekin batera basapiztiei egiten die harrera.
Oiartzunen ez dira beste herri eta hiri batzuetan ikusten diren desfileak egiten. Ihoteak beste era bateko jaiak dira, inauteri menditarren antzekoak. Intxixuak eta sorginak herrira iritsi eta plaza hartzen dute, eta suaren inguruan ibiltzen dira dantzan eta jolasten herritarrekin.
Puxkak biltzen ez dira ibiltzen intxixuak eta sorginak, baina hala dabiltzan herritarren taldeei bixita egiten diete ustekabean.
